XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Holantxe egiten genituen kare beharrok.

Gaur ez da egiten, baina karobiak hor daude, sasiz eta denoduz beteta.

Gaur askok jakin be ez daki horiek zulook zer diren ez zertarako erabilten genituen.

Hor, Etxazon, karobi zahar baten zuloa konpondu eta ur-depositua egin dute.

Horiei sikeran zeozertarako balio izan die lehengo usadioko zer horrek.

Hauek karobiok, etxe bakoitzarentzat bat barik, gehiagoren artean egiten ziren, eskubeharra aprobetxetako eta gero karea banandu.

Errentoreak, ugazabari egin behar izaten zioten errenta truke edo.

Parte txarrekoak esan dizut, baina, ibili be egiten zitzaizkigun karobi inguruetatik batezbe gauiluntzetan bazterrak enderdetan.

Eurak izango ziren!

Zaratak eta alauriak entzuten genituen.

Inoiz karea ostu be bai, edo sua amatatu eta holangoak.

Nik neuk ez dut ikusi baina lamiñak eta inoiz Anbotoko Señorea be ikusi zutelazkoa daukat entzunda.

Ez da harritzekoa!

Orduan gosea eta hotza ez zen falta eta arean bildurtia zenak, ikusi be, inon direnak ikusten zituen!

Lehengora joanik, beste karobi batzuk be bagenituen.

Geroagokoak jakina.

Frantzesak deituten genien.

Hauek karobi frantzesok, ikatza, kokarekin erabilten genituen.

Harrizko ormadunak ziren.

Behe partetik zulo bat, labesua egiteko labeak lakoa eta barrua biribila.

Behean, lehenengo ikatza, koka kapa bat iminten zen eta gainean kareharrizko bete kapa bat.

Gero berriro koka eta gainean kare-harriak.

Holan bete arteraino.

Sua behetik emoten zitzaion eta ikatza erre ahala kare-harria zurituz zihoan eta karobi barruko blokea beherantz.

Orduan, karea egin ahala atera egiten zen beheko partetik eta nibela zelan bajatu halan kargetan zen goitik karobia beti beterik eukiteko.

Honek sistema honek geratu barik zeukan karobia, goitik bota behetik atera baina karea ez zen garbia, lehen esan dizudan gure karobietakoa lakoa.

Hauetako karobi frantzesotako karea, ikatz errearekin batera zetorren eta jakina, derrigorrez nahastu behar.

Horregatik, hau kare nahastu hau, solorako erabilten genuen gehienbat, soloak karea ezeze, ikatz iduriak be ondo hartzen dituelako.

Ostera, arrauntzak karetan sartzeko, ormak zurituteko eta holangoetarako gure karobietako kare zuri-zuria erabilten genuen.

Honango karobi frantzes bat ikusi gura baduzu, ez daukazu horraxe, Etzebarriko basora joatea baino edo Lemoan be hantxe daukazu kamino ertzean bista bistan.